Prentsaurrekoa
Hizkuntza politikaren inguruko zonbait puntu...
Euskal Konfederazioa eta Kontseiluak ikasturte honen hondarrean hizkuntza politikaren inguruko zonbait puntu aipatu nahi ditugu eta besteak beste ditugun kezkak azaldu eta beharrekoak ikusten ditugun urratsak, baliabide eta prozedurak berriz ere azpimarratu.
Hizkuntz lege baten beharra
Ikasturte hau hizkuntz legearen aldarrikapenarekin hasi zen (DEAIDAR mobilizazio arrakastatsua) baina Parisetik laster etorri zen erantzuna : lege asmorik ez !
Jakin genuen orduan tendentzia desberdinetako diputatu batzuek pilota punpean hartu eta lege proposamen bat landuko zutela. Iduriz lanean ari izan dira geroztik eta laster ezagutu beharko genuke beren lanaren uzta. Espero duguna :
Diputatuak hizkuntz gutituen alde ari den herri mugimenduarekin bilduko direla (Plataforma osatzen dugunekin), proposamenaren inguruan kontraste lana egiteko, guk ekarpenak egiteko gisan, azken finean “terrenoan” lan egiten dugunok baitakigu hobekien gure hizkuntzen beharrak zoin diren; Proposamen hori talde politiko desberdinek eramanen eta defendituko dutela Asanbladan, elkarrekin, horrelako lege batekiko epel diren alderdi guzietako diputatuak konbentzitzeko.
Berriz diogu konzertazioa beharrezkoa dela lurralde guzietako eragileekin. Gu prest gara gure ohar eta proposamenak egiteko.
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak berriz errepikatzen dute: euskara ofiziala izatea eta korpus juridiko egokia ukatea bi baldintza ezinbesteko dira euskararen berreskurapen osorako hizkuntza politika eraginkorra martxan jartzen hasteko.
Bitartean lege baten beharra ez bazen aski argia, bi gertakari esanguratsuk gure argumentazioa indartu dute :
Lehen gertakaria: Ametzondo itzulguneko bide seinaleak
Baionan, autopistan sartzeko bretelaren ondoko itzulgunean obra handiak egiten hasi ziren 2009. urtearen erditsuan. Lan horiek direla eta, bide seinaleak kendu zituzten antolaketa lanak egiteko. Arazoa da bide seinale berriak berriz ematerakoan, frantses hutsezko panoak eman dituztela, pano zaharrak bi hizkuntzetan zirelarik.
Eta nahiz eta joan den urritik hona bizpahiru aldiz telefonoz eta gutunez EEP abisatu dugun (arazoa konpontzeko DDEarekin harremanetan sar dadin), gaur egun panoak frantses hutsean izaten segitzen dute. Alta, Departamenduak eman informazioen arabera, panoak behin-behinekoak izan behar ziren eta pano elebidunak 2010eko ekaineko ezarri behar ziren. Gaur uztailaren 1a da...
Bigarren gertakaria: Breveta azterketa
1994 urtetik, ikasleek matematika eta historia-geografia euskaraz pasatzeko aukera badute. Eta hamabost urtez sistema ongi funtzionatu da. Aurten aldiz, Errektoregoak erabaki zuen euskaraz idatzi matematika kopiak ez zirela zuzenduak izanen. Hori jakin eta, hezkuntza arloko eragileak mobilizatu dira eta azkenean Errektoreak amore eman behar izan du, jakinaraziz aurten ere ikasleek etsamina euskaraz pasatzeko aukera ukanen zutela. Baina zer gertatuko da heldu den urtean? Berriz ere mugitu beharko dugu jadanik 16 urteotan irabazi bat zena ez dezaten kolokan ezar?
Aipatutako bi gertakariok argi eta garbi erakusten dute lege baten beharra.
Iparraldean, departamenduko bideetan, 1994an agertu ziren lehen pano elebidunak, azkenean, militante euskaltzaleek bost bat urte lehenago hasitako kanpaina eta eman presioaren ondotik. Uste genuen bide seinaleak bi hizkuntzetan ezartzea egintza normal eta arrunta bilakatua zela, irabazitako bataila bat zela.
Halaber, azken 15 urte hauetan ikasleek normaltasun osoz pasatzen zuten brebeta euskaraz eta posibilitate hori ia-ia kendu zaie.
Hona bi gertakizun horiek erakusten dutena: naturaltasun osoz egiten diren edo egiten ahal diren gauzak idatziz arautu ezean, egun batetik bestera desagertzen ahal dira eta nehork nehori konturik eman behar izan gabe gainera !
Horrelako legerik ez duguno, euskaltzaleok beti erne egon beharko dugu holako ekimen sinpleak sistematikoki hartzen direla segurtatzeko. Noiz arte? Euskararen kinka larrian ikusiz, bakoitzak bere arloan, besterik badugu egiteko...
EEP eta euskalgintzaren arteko elkarlana
Ipar Euskal Herrian, frantses Estatu osorako eredu bilakatzen ari den hizkuntza politika publikoa eramateko dispositiboaz ere kezkak aipatu nahi ditugu. Badira gauza batzuk osoki EEPren esku direnak eta funtzionatzen ez dutenak: EEP eta euskalgintzaren arteko elkarlana adibidez, hots euskalgintzak egin behar duen ekarpen eta proposatze lana ez duela egiten ahal. Edo, hobeto errateko, egiten duen lana eta ekarpena ez du kontuan hartzen EEPk.
Pasa den 2009ko abenduko azken Aholku Batzordean, EEPk 2010-2016 jokabide esparruaren aitzin-proiektua izeneko dokumentua aurkeztu dio euskalgintzari. Euskal Konfederazioa eta Kontseilua pozten ziren ikusiz aspalditik egiten genituen oharrak kontuan hartu zituela EEPk (euskararen erabilpenari garrantzia, aitzinamenduak neurtzeko neurgailuak, helburu xifratuak finkatzeko beharra...) bainan gabezi batzuk ikusten zituzten eta euskalgintzak ekarpenak eta proposamenak egiteko denbora tartea idekitzea proposatu zuten.
Aholkulku batzordean kontzertazio epe bat eskatu genuen, proiektua osatzeko, adostasun zabalera iristeko, eta presidenteak hitz eman zigun ordutik ekaina arte iraunen zuela konzertazio horrek.
Alta deus ez da gertatu 6 hilabetez.
Joan den astean Aholku Batzordeko kideei igorri gutun baten bidez, jakin dugu EEPk aholku batzorde bat konbokatzeko asmoa zuela, heldu den sartzean, 2010-2016 jokabide esparrua dokumentua eztabaidatzeko.
Zertarako da Aholku batzordea ? Zertarako parte hartu bertan ?
Berriz zehaztuko dugu zein den gure eskaera: epe luzeko konzertazio fase bat abiatzea, urtean zehar bilduko liratekeen atalez ataleko talde desberdinak sortuz.
Baieztatzen dugu euskarak behar duen hizkuntza politika emankorra eramateko aginte publiko eta herri mugimenduen arteko elkarlana funtsezkoa dela. Horretarako prozedurak finkatu behar dira bai eta errespetatu ere.
Gauza asko egiten ditugu euskararen alde herri mugimenduetatik. EEP sortu denetik politika publiko bat abiatu da bai eta herri mugimenduekin elkarlan giroa sortu ere. Emaitza batzuk ikusten hasi gara bainan gauzak askoz hobeki egin behar ditugu. Horri begira bakoitzak bere erantzukizunak baditu eta bete behar ditu.

