Ametzondo
GAURKO EKINTZAREN ZERGATIA
Duela guti arte Ametzondo itzulgune horretako bide seinaleak elebidunak ziren: frantsesez eta euskaraz. Izan ere, militante euskaltzaleek eraman urte luzetako borrokaren ondotik, bide seinale elebidunak hedatzen hasi ziren Iparraldeko bideetan, 1994tik goiti. Ametzondo itzulgune horretakoak ere elebidundu ziren.
Badu urte bat inguru itzulgune hori obretan dela. Eta lanak aitzinatu arau, lehenagoko bide seinale elebidunak frantses hutsezko bide seinaleekin ordezkatu dituzte.
Alta, 2009ko urritik abendura, Euskal Konfederazioa eta Behatokia erakundeak behin baino gehiagotan sartu dira harremanetan EEP (hizkuntza politika eramateko ardura duenez), Departamendua, DDE eta ASFarekin, “akats teknikoaz” ohartarazteko. EEPren bidez, ahoz, ukan dugun erantzuna izan da ez kezkatzeko, behin-behineko bide seinaleak zirela eta behin betikoak, bi hizkuntzetan, ekaineko ezarriko zirela. Gaur uztailaren 6a da: argi da frantses hutsezko bide seinale berri horiek ez dituztela ordezkatuko ASF eta DDEk!
Gibelapen hori onartezina da! Eta bi egitura hauek bere hitza jan dutenez, gu, Euskal Konfederazioko kideok eta euskaltzale andana bat, hemen gara egoera hori salatzeko.
Noiz arte egon beharko dugu erne euskaltzaleok aspaldidanik hartzen diren horrelako neurri sinpleak sistematikoki hartuko direla segurtatzeko?
2008an Euskal Konfederazioak lan bat hasi zuen frantses Gobernuak behin eta berriz hitz eman hizkuntz legea bozkatua izan dadin. Ametzondoko gertakari horrek argi eta garbi erakusten du horrelako lege baten beharra badugula, lehenbailehen, bide seinaleak bi hizkuntzetan jartzearen bezalako neurriak arauz finkatzeko.
AMENTZONDON ETA IPARRALDE OSOAN, BIDE SEINALEAK EUSKARAZ ERE BAI !










